
Uztarri motzeko lehen idi proba antolatu du elkarteak
Aizarnazabal Lau egunetan zehar inguruko herrietako eta auzoetako parte-hartzaileen idiak neurtuko dira txapelketan
aiora larrañaga
Idi proba zaleen bilgune izango da asteburu honetan Aizarnazabal, maiatzaren 16an hasi eta lau egunetan zehar I. Uztarri Motzeko Proba egingo baita herriko plazan. Herrian jokatzen diren proba guztien moduan, astebukaerakoa ereAizarnazabalgo Idi Proba Elkarteak (AIPE) antolatu du. Idi bakarrarekin jokatzeko antolatzen duten lehen proba izango da aurtengoa.
Baldintzak eta Saria
Erabiliko den harria berria izango da, 1.050 kilotako Amilubi harria. Idiek 600 kilo bitartekoak izan beharko dute; bestela, gainditzen duen kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gain-zama jarriko zaio harriari. Idiak proba egunean bertan pisatuko dituzte, 10:00etan.
Irabazleak 1.000 euro, manta eta trofeoa irabaziko ditu. Bigarren sailkatuak, 400 euroko saria jasoko du, eta postu horretatik atzera sailkatzen den bakoitzak 120 euro jasoko dituzte.
Sarrera 15 euro kostatuko da; 18 urtetik beherakoek, ordea, doan ikusi ahal izango dute txapelketa.
Parte-hartzaileak
Inguruko herrietakoak eta auzoetakoak izango dira demako parte-hartzaileak. Lehenengo egunean, ostiralean, hitzordua 22:00etan izango da eta Aiako Izeta-ren, Itziarko Erlete-ren eta Urretxuko Igeldo-ren idiak leihatuko dira.
Larunbatean ere 22:00etan hasiko da proba eta Zarauzko Jose Maria Izetaren, Zumaiako Miel Uzkudunen eta Errezilgo Letea Jatetxea-ren idien txanda izango da.
Igandean 18:00etan izango da norgehiagoka. Lasarteko Telleria-ren idiak, Errezilgo Bixkiak eta Aizarnazbalgo Joxe Luis Peñak eramango dituzte idiak proban parte hartzera.
Azken egunean, astelehenean, hitzordua 21:00etan izango da; probari bukaera emateko, Errezilgo Uzkudun, Aiako Izeta Anaiak eta Itziarko Erlete-ren idiak jardungo dira.
Herriko idi proba elkartea
Orain dela hiru urte sortu zen Aizarnazabalen idi proba elkartea eta bertako lehendakariak, Inazio Mari Etxabek herritarren zaletasuna nabarmendu du: «Hemen betidanik izan dugu probetarako zaletasun handia. Orain dela hiru urte Udalak probak antolatzeri utzi zion, lan asko eta diru asko eskatzen baitu honelako ikuskizunak antolatzeak. Hori dela eta sortu genuen guk elkartea».
Idi probak gustuko zituzten herritar koadrila bildu eta AIPE osatu zuten. «Urtean bi proba antolatzen ditugu. Elkarteko kideak gara doan lanean jarduten garenak. Gutako batzuk idiak ere baditugu, eta hauek sasoian badaude, guk ere parte hartzen dugu antolatzen ditugun txapelketetan. Oraingoan Joxe Luis Peña elkarteko kidea ere lehiatuko da».
Hurrengo urteetan ere lanean jarraitzeko asmoa dute: «Horretaz gain, 15 urtetan egin izan den moduan, idi pare proba urtero bezala santioetan antolatuko dugu».
Jaiak
Santioak
AIA, Aiako Santio auzoan - 2008-07-24
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.