
Urteetan herri aldizkaria sortzeko ideia aizarnazabaldarren buruetan bueltaka ibili ondoren, orain dela bi hilabete hasi ziren proiektuari forma ematen. Lehen alea ekainean argitaratzea espero dute.
'Artia' bidean da
aiora larrañaga
Orain arte artia hitza entzundakoan gehienei izen berdineko zuhaitza etorriko litzaieke gogora. Baina ekainetik aurrera aizarnazabaldarrentzat hori aldatu egingo da, Artia izeneko herri aldizkaria argitaratuko baitute lehenengo aldiz.
Zenbait herritako biztanleentzat herriko kontuak biltzen dituen aldizkaria hamabostero edo hilero etxeko postontzian jasotzea ohikoa da. Baina, eskualdean badaude zerbitzu hori ez duten herriak ere. Egoera zertxobait aldatu nahian, Aizarnazabalgo herritar talde batek, herri aldizkaria sortzea erabaki du.
Aldizkariaren sortzaileetako bat, Mikel Aiertza, egitasmoaren sustraiei buruz hizketan jardun da. «Aspalditik nabaritzen genuen herritarrek herri aldizkari baten falta. Orain arte Udalak hilero etxe guztietara banatzen zuen Zer berri Aizarnazabalen orri informatiboa izaten zen Udalak herritarrekin komunikatzeko zuen bide bakarra. Baina herri informazioa zabaltzeko beste bide bat ezinbestekoa zela uste genuen. Herriko kontuak, herritarrei elkarrizketak, auzoetako berriak... jakiteko aukerarik ez baikenuen».
Hala ere, ideiak eta proiektuak sortzen direnetik gauzatzen diren arte denbora pasatzen dela jakina da. «Duela sei urtetatik zebilen ideia herrian zehar; Udalak ere behin baino gehiagotan aipatu zuen herrian aldizkari baten beharra zegoela. Beraz, orain dela bi hilabete bost bat lagun elkartu eta aldizkaria sortzea erabaki genuen. Proiektua egin eta Udalari aurkeztu genion. Harrera ona izan zuen bertan eta bere laguntza eskaini ziguten». Lehenengo pausoa emanda zuten, baina ordutik aurrera lan handia eginten ari dira Artia-ren sortzaileak.
Zergatik 'Artia'?
Aizarnazabalgo Azpiazu baserriaren aurrean arte bat dago eta «hori da aizarnazabaldarrentzat herriko sinboloa. Beraz, aldizkariarentzat izen aproposa izango zela iruditu zitzaigun», aipatu du Aiertzak.
Atal desberdinak ere, artia hitzarekin egindako hitz jokoekin izendatu dituzte. Zenbait adibide eman ditu Mikel Aiertzak «Artisten artelanak, herriko artistak, artiaren bi adarrak».
Aldizkariaren atalak
Aldizkariak herriko berriak eta herritarren berriak ematea izango du helburu, baita Udalaren eta herriaren arteko zubi izatea ere.
Atal nagusia herriko pertsona bati egindako elkarrizketa izango da. Horretaz gain, beste atal batean, gai jakin bati buruz iritzi kontrajarria duten bi herritarren arteko eztabaidak ere azalduko dira. «Begetariano baten eta haragia jaten duen baten arteko eztabaida; posta elektoniko bidez komunikatzen den baten eta karta bidez egiten jarraitzen duen baten artekoa; edota baserriko lanak gurdiarekin egiten jarraitzen duenaren eta traktore moderno daukanaren arteko eztabaida».
Beste atal batean herriko jendeari egin dituen bidaiez hitz egiteko aukera emango zaio. Honekin, toki hori aizarnazabaldar baten begietatik ikusita nolakoa den aditzera eman nahi da. Tenerifera oporretara joan direnek edota Parisa lan kontuengatik joan behar izan dutenek, denek izango dute horretarako aukera atal honetan.
Inkesta ere aldizkariko parte izango dela aipatu du Aiertzak. «Gaia guk jartzea baino Udalari gaia jartzeko aukera ematea egokiagoa zela pentsatu genuen. Beraz, Udalak gaiak proposatzen baditu, guk horiek planteatuko ditugu aldizkarian; bestela, guk aterako genuke gai bat». Gainera, «denborapasak azalduko lirateke, hitz gurutzatuak, hizki zopak... agenda ere sartuko genuke. Ez da faltako auzoetako informazioarentzako eta herriko elkarteentzako eta Udalarentzako tartea ere».
Euskarazko prentsa
Eskualdeko herri aldizkariak euskara hutsean argitaratzen dira; hori da euren ezaugarri nagusia. Horiekin batera eragile asko euskararen normalizazioa lortzeko lanean dabilen arren, oraindik ere askotan adineko jendeari euskaraz irakurtzea kosta egiten zaio. Horregatik, Aizarnazabalgo herri aldizkariko sortzaileek lehenengo zenbakiak izaten duen harrera ikusi nahi dute. «Ekainaren bukaeran kaleratuko da lehenengo zenbakia eta herritarren erantzunaren arabera ikusiko da hilabetekaria, bi hilabetekaria edo hiru hilabetekaria izango al den. Gazteak euskaraz irakurtzera ohituak gaude, baina adineko jendeak pauso hori ez du oraindik eman. Hala ere, herri aldizkaria aizarnazabaldar guztiak euskaraz irakurtzen hasteko bidea izatea nahi dugu eta, horretarako, euskara batuan idatzia egon arren, euskalkiko hiztegia ere erabili nahi dugu».
Inguruko aldizkarien laguntza
«Proiektuarekin hasi ginenean ez genekien nondik hasi» adierazi du Aiertzak. «Hala ere, Zestoako Danbolin aldizkarikoek euren hastapenak nola izan ziren azaldu ziguten; Baleike-koekin ere harremana izan dugu». Esaerak dioen bezala, nahi izatea da ahal izatea.
Dantza
Bikote Gazteen Dantza Txapelketa
ZARAUTZ, Musika Plaza - 2008-09-05
Elkarretaratzea
BESTE EMAKUME BAT ERAILA EUSKAL HERRIAN!!!
AZPEITIA, Azpeitiko plazan - 2008-09-05
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.